Informazioa

Legar hobi izanik baratze bihurtu zen parkea

Den-dena hemen hasi zen. Hondakinez betetako legar hobi zahar baten paisaia lehengoratzeak ekarri zuen Eraztun Berdea ohoratua. Nahiz eta badiren Zabalganako parkean baltsak daudela ez dakiten gasteiztarrak. Goza ezazu erkametzen, zozoen eta hontz ertainen etxean.

Cómo llegar

L5c, Lermandabidea/Anezka eta Areatza/Mercedes.
L6, Giza Eskubideak/Mariturri geltokia

Luzera: 3,7 Km
Gutxi gorabeherako iraupena: 55 minutu
Bide mota: bide zorua; egokia da haurren kotxeak eramateko.

Ez galdu!

Txantxangorria

«Zuregatik ez balitz, neguak ez luke udaberririk izango, ezingo nuke txantxangorria kantuan entzun, ez nuke ideiarik ere izango, eta ezer ez litzateke egia izango zuregatik ez balitz». Bob Dylanek ez zion olerki hau Zabalganari eskaini, baina izan zitekeen.

Erkametzak

Parke honetan haritz mota hau da nagusi. Astigarrek, elorriek, ipuruek, elorri beltzek eta arbustuek itzala sortzen laguntzen diote. Arabako Lautadako paisaia osatzen duten irla basoen adibide argia da, zereal zelaiez inguratuta.

Zuhaitz igel arrunta

Lezea eta Zabalganako aintzirak txikiak izan arren, uretako mundu harrigarri bati ematen diote babesa. Ihi eta ezpata belar artean kopetazuriak, oilagorrak, zuhaitz igel arruntak, zapatariak, girinidoak, burruntziak eta sorgin orratzak bizi dira.

Ibilbidea

Mariturriko bulebarrean parkeak duen sarrera nagusitik hasiko gara

Ubide baten paretik (Zarauna errekak Zabalganeko auzotik igaro ondoren duen ura biltzeko zulatu zuten aipatutako ubidea) eta ezkerrean zabaltzen den Zabalganeko basoarekin paraleloan doa ibilbidea.

Atzean ezkerrerako desbiderapen bat utziko du; desbiderapen hori basora doa eta Eraztun Berdearen Birarekin elkartzen da. Eskuinean zenbait soro eta hiri- eta industria-eremu daude.

Goraldi leuna egin beharko dugu bidegurutze batera iritsi arte. Eskuinekotik jarraituko dugu, eta zenbait zuhaitz sakabanatuta dituzten zelaiak inguratuko ditugu; ezin hobeak dira atsedena hartzeko, jolasteko... Horrez gain, hainbat mahai eta iturri bat dituen txoko bat ere ikusiko dugu.

Aurrera jarraituko dugu, baina ez ditugu hartuko parkerantz doazen eskuineko desbiderapenak. Bidearen bi aldeetan Zabalganeko urmaelak zabaltzen dira, eta urmaelen gainean dagoen zurezko pasabidea zeharkatuko dugu.

Parkearen beste sarbide batera iritsiko gara; hor ezkerrerantz doan bide bat hasiko da, eta Zabalganeko zelaien eta urmaelen gainean dagoen talaian amaituko da.

Gure bidera joango gara berriz, eta metro batzuk ibili ondoren, bideak bat egingo du Eraztun Berdearen Birarekin; ZadorrarikArmentiara doa Bira eta, horretarako, Zabalganeko basoa zeharkatuko du iparraldetik hegoaldera.

Basoan sartuko gara, eta tarte batez Biraren puntu berdeei jarraituko diegu. Aurrerago eskumarantz joango gara Zuhatzura doan pasagune batetik; hortik eliza ikusiko dugu, jada.

Gero eta bista zabalagoa izango dugu; bidea ezkerreko zelaien eta eskuineko laborantza-lurren artean doa, eta atzealdean Gasteizko mendiak izango ditugu. Parketik irten baino lehen, eskuman Lezea urmaela ikusiko dugu.

Egokitutako aparkalekutik irtengo gara parketik, eta bidegurutzean eskuineko bidea har dezakegu Zuhatzu eta Sarbikotxeko hariztia bisitatzeko; bestela, ezkerrera joan gaitezke hasierako puntura iristeko.

Mariturriko bulebarrera iritsi baino lehen, eskuineko bidexka batek begiratoki batera eramango gaitu; begiratokian bi orientaziomahai daude, eta Arabako lautadaren inguruan dauden mendien bista panoramika bikainak eskaintzen dituzte.

Interesguneak

  1. Zabalganeko basoa

    Erkametzen baso naturala da, eta uhartebasoen berezko ereduetako bat da; Arabako lautadaren ezaugarri dira, eta zenbait baso-azalera zabal nekazaritzan erabiltzeko luberritu zirenean sortutakoak dira. Erlikia-balorea izateaz gain, ekologia-balore handia ere badu; izan ere, landa eremu oso sinplifikatua bada ere, babesleku bikaina da baso-landare eta -animalientzat. Basoan erkametza da nagusi; harizti mota bat da, eta basoko gehienek gazte itxura dute; hala ere, zenbait zuhaitzek heldutasunera iristen utziz gero agertzen duten itxura bikaina dute.
    Erkametzekin batera, astigarrak, elorri zuriak, ipar-orreak, elorri beltzak, beltxaleak eta beste arbustu arrunt batzuk ere badira. Animaliei dagokienez, erbinudeek, erbiek, untxiek eta azeriek, besteak beste, osatzen dute baso-komunitatea. Horrez gain, hegazti espezie anitz ere badira, esaterako, ikazkinak, txantxangorriak, mika arruntak, zozoak edo hotz ertainak.

  2. Zabalgana eta Lezea urmaelak

    Legar-ustiaketa zaharra berriztatzeko lanen ondorioz sortu zituzten Zabalganeko urmaelak. Lezea urmaela, berriz, erabiltzen ez zuten antzinako nekazaritzabaltsa bat zen. Jatorria ezberdina eta tamaina txikia badute ere, aintzira biak ur-mundu liluragarri baten habitata dira. Hegaztiei dagokienez, kopetazuria, uroilo arrunta eta basahatea ohikoenetako batzuk dira. Ur-gainean, ihien eta ertzetan hazten diren ezpata-belarren artean, igelak, zapatariak, ur-berdantzak, burruntziak eta sorgin-orratzak mugitzen dira.

  3. Zuhatzu

    Elizaren portikoa, erdi-puntuko arkuen bidez irekitzen dena, arabar arte neoklasikoaren adibide interesgarri bat da.

  4. Sarbikotxeko hariztia

    Zuhatzutik oso hurbil, beste uhartebaso bat osatzen duen hariztia dugu, Zabalganekoaren antzekoa. Harizti horrek, orain dela zenbait mende eremu horretan ziren eta egun arte bizirik jarraitzea lortu duten berezko landareak ditu. Hariztiak, Arabako lautadako beste uharte-harizti batzuekin batera, Espazio Natural Babestuen Europar Sarearen barruan (Natura 2000 Sarea) Garantís Komunitarioko Lekutzat (GKL) hartu dute.