Olarizuko Lorategi Botanikoa

Informazioa
Europari itzulia ordubetean
Olarizu erromeria, muinora igotzea eta dehesa da. Eta duela urte batzuetatik hona, Europa osoko botanikariak inbidiatan jarri dituen lorategi handia hazten ari da bertan, ibilbide, zurezko zubi eta laku artean. Erlaxatu kontinente zaharreko baso erakusgarrienetako batean.
L2, eltokiak: Zumakadi ibilbidea, 94 eta Zumakadi ibilbidea, 61;
L10, geltokiak: Heraclio Fournier, 42 eta Zumakadi ibilbidea, 61.
Luzera: 3 Km
Gutxi gorabeherako iraupena: ordubete
Bide mota: bide zorua.
Ez galdu!
Europako basoetako arboretoa
Bidaiatu Europan zehar basoetan barrena, Eskandinaviatik hondartza mediterraneotara. Lorategi Botanikoko arboretoak baso erakusgarrienak bildu ditu, bioaniztasuna zaintzeko eta dibulgatzeko ahalegin handia egin ondoren. Zuhaitz, zuhaixka eta landare igokarien 500 espezie dituzu zain.
Kastroa eta ibilbide komertziala
Olarizuko muinoak (709 metro) Gasteizko ikuspegi panoramiko onenetako bat eskaintzen du, eta horrez gain, Burdin Aroan okupatutako Kutzemendi kastroko aztarnak ere gorde dira bertan. Handik gertu Betoño Haitzeko basabidea eta Arabako Errioxa Gasteizekin lotzen zuen bide komertzial zaharra
Lilipak, belardiak eta hontz ertaina.
Gasteiz hegoaldeko eremu honetan askatasunez hazten den interes bereziko fauna eta flora guztia laburbiltzea ezinezkoa da. Bertako altxorrak zeure kabuz aurkitzeko erronka botatzen dizugu. Zatoz eta gurutzatu itzazu zubiak, igo mendixkak, bisitatu urmaelak. Ikus itzazu baserri zaharretako murruak, etzan dehesan, abestu anfiteatro natural batean...
Ibilbidea
Ibilbidea Olarizu hiribidetik Olarizuko Lorategi Botanikora sartzeko puntuan abiatuko da, lorategiaren sarrera adierazten duen altzairuzko kartelaren alboan. Lorategi botanikoaren infogune edo bisitarien harrerako puntuaren aurretik igarotzen den bidea hartuko dugu, eta mendebalderantz eginez arboretoan sartuko gara.
Handik gutxira bideak iparralderantz egingo du, eta begiratokirantz doan bide zuzen batekin egiten du bat, mendebalderantz. Ezkerrean Europa iparraldeko baso borealetako landaredia ikusi ahalko dugu. Izeiak erraz bereizten dira, piramide itxurako koniferak direlako eta enbor gorri eta pinaburu luzeak dituelako esekita. Taigako espezie nagusia da, elurraren pisuari eusteko egokitutakoa. Hostoek azikula itxura dute, eta horri esker hotzari aurre egiteko eta urteko edozein garaitan fotosintesia egiteko gaitasuna dute, neguan izaten diren argi ordu bakanak aprobetxatuz.
Aurrerago, bidearen alboan, urkiak aurkituko ditugu; enbor zuriak eta begi itxurako hozkak izatea da urkien bereizgarri nagusia. Udazkenean oso deigarriak dira, hostoek urre kolorea hartzen dutelako, eta enbor zuriarekin alderatuta oso desberdina delako. Zuhaitz hauek osatzen dituzte kontinentearen iparraldeko muturrean dauden basoak, Eskandinavia iparraldeko kostaldeetan, alegia.
Goi mendiko sastrakak eta basoak eskuinean utziko ditugu; hirirantz begiratuz gero urrunean ikusiko ditugu. Laritz basoek gure arreta piztuko dute, berde argi koloreko azikulekin eta itxura pendularrarekin. Neguan hostoa galtzen duen konifera europar bakarra da.
Aldapa txiki bat igo ondoren begiratokirantz jotzeko desbideratze txiki bat aurkituko dugu, eta handik lorategi botanikoaren ikuspegi bikaina izango dugu, Olarizuko muinoarekin eta Gasteizko Mendiak hegoalderantz. Bide ertzean hazten diren ipuruak, elorri triskak eta ezkaiak ezagunak egingo zaizkigu; izan ere, muino txiki honetan Arabako Lautadako muino tuparrizaleetako landaredia berregin da.
Begiratokitik etorritako bidetik bueltatu ahalko gara, baserri zaharraren hondarretara beherantz doan bidea hartu arte, edo eskaileretatik lakura jaitsi arte. Pasabidea zeharkatuz edo ertzetik inguratuz, ur giroetako hainbat landare espezie aurkituko ditugu, besteak beste, arkasatsak, bakaladak eta nenufar zuriak; azken hori Euskal Autonomia Erkidegoan galtzeko arriskuan dago espeziea da, eta Lorategi Botanikoko Germoplasma Bankuan erreproduzitzea lortu da.
Hegoalderantz jarraituko dugu arboreto zona hau zeharkatzen duen erdiko bidetik, gertu daukagun Olarizuko muinoa galdu gabe eta Eraztun Berdearen itzulia egiteko balizak jarraituz. Erroten ibilgu zaharraren alboan Europa epeleko ibai handien ertzetako basoetako landaredia hostotsua ikusi ahalko dugu, besteak beste, haltzak, sahatsak, zumarrak...zuhaixka formako landareekin eta landare igokariekin batera. Zona epel horretan baso hostogalkorrak dira nagusi, pagoak, ezkiak, xarmak, haritzak...
Aurrera jarraituko dugu, bidea utzi gabe, trantsizio klimatikoko eremuetako berezko basoetan barneratzeko, eskualde epel eta mediterraneoen artean. Giro horretan kontinente osoko baso aberatsenetako batzuk eta espezie aniztasun handiena dutenetako batzuk garatzen dira. Ameztiak, erkameztiak eta haritzak hazten dira bertan, astigar, gogortxu, elorri zuri, zuhandor, arkakarats edota gurbeondoekin, besteak beste.
Olarizu erreka zubi txiki batetik gurutzatuko dugu, eta ekialderantz egingo dugu Olarizuko dehesa zaharrera iristeko. Dehesako lurrak oso hezeak dira eta, tarteka, putzuak ere izaten dira bertan; hala, inguruabar egokiak sortzen dira haritz kandudunen basoak sortzeko. Zingira eta belardiek larre aberats eta emankorrak sortzen zituzten, eta aspalditik abeltzaintzarako erabili dira. Gaur egungo kudeaketari esker, ebakitze bereiziekin, mehatxatutako bi espezieren populazioak berraurkitu eta berreskuratu ahal izan dira: Gallium boreale eta Senecio carpetanus.
Hegoalderantz egingo dugu dehesako etxalderaino, hegoaldeko fatxada aurretik igaro eta ekialderantz egingo dugu; bertan sartzen den bidea ezkerrean utziko dugu.
Baso mediterraneoetara iristean, lehenengo bidegurutzean, ezkerreko bide hartuko dugu, iparralderantz, Zubigaraiko industrialderantz. Artadietan, garrigetan eta artelatz basoetan sartuko gara; klima horretako ohiko udako lehorteetarako egokitutako espezieak dira. Horrekin batera zuhaixka oihanpe trinkoak ere badaude, besteak beste, gurbitzak, legeltxorrak, txorbeltzak, gartxuak, eta abar.
Norabide berdinean egingo dugu aurrera, eta izeidi eta sabina mediterraneoak zeharkatuko ditugu. Ezkerrean izei espainiar bereizgarriak aurkituko ditugu; Andaluziako mendilerro batzuetako eremu laiotz eta hezeagoetan aurki daitekeen konifera mediterraneoa da, Zenozoikoan zehar eremu hori estali zuen landaredia azpitropikalaren lekuko izandakoa.
Eskuinean intsentsu miterren eta ipuruen ondoren pinudi mediterraneoak datoz, aurrez aurre aurkituko ditugunak. Lore zuridun estrepa handiak nabarmentzen dira. Palmondo txikiak harrigarriak irudituko zaizkigu; Iberiar penintsulako palmera espezie autoktono bakarra da.
Puntu horretan mendebalderantz biratuko dugu; hariztia gurutzatuko dugu eta Olarizuko zelaira aterako gara; handik ibilbide zirkular honen abiapuntua eta amaiera ikusiko ditugu.
INTERESGUNEAK
-
Olarizuko Lorategi Botanikoa
Olarizuko Lorategi Botanikoko landare bizien bilduma nagusia Europako basoetako arboretoa da; 30 hektareako espazioa da, Europa kontinenteko eta baso nagusietako landaredia mota handietako 500 espezie baino gehiago hartzeko prestatutakoa, besteak beste, zuhaitzak, zuhaixkak, muluak eta landare igokariak. Beste espazio batzuk dira, besteak beste, Olarizuko lakua, Europako ur habitatei lotutako landareen bildumarekin, orkidea eta geofitoen zelaia, eta Olarizuko begiratokia, Arabako muinoetako eta kareharrizko harkaitzeko landarediarekin.
-
Olarizuko Etxaldea
1727. urtean sortu zen. Hasieran, Olarizuko dehesan bazkatzen zuten abereak gordetzeko funtzioa zuen; bidenabar, tokiko harategiak ere hornitzen zituen. Ondoren abandonatu egin zuten, eta Olarizuko Etxaldea biltegi gisa erabili zen 1987ra arte; urte horretan birgaitu egin zen. Gaur egun Olarizuko Lorategi Botanikoko Germoplasma Bankuko instalazioak daude bertan.

-
Germoplasma Bankua
Landare haziak eta landareen bestelako atal biziak (ehunak, esporak eta abar) gordetzen dituen tokia da; hain zuzen ere, bideragarritasuna mantentzeko eta denbora luzez ugalketa gaitasunari eusteko hezetasun eta tenperatura baldintza egokietan gordetzen ditu. Hala, bertan gordetzen den landaredia materiala hainbat basa landare espeziena da, besteak beste, mehatxatutako landareak, landare endemikoak, arraroak, bitxiak, udalerrikoa bertakoa zein inguruko lurraldeetakoa, desagertzea saihesteko eta bioaniztasun galera geldiarazteko.
-
Olarizuko muinoa
709 metroko muinoa da, eta hiriko eta lautadako ikuspegi bikaina eskaintzen du. Tontorretik gertu Kutzemendiko kastroa dago; Burdin Aro osoan eta Erromanizazioaren hasierara arte okupatuta egondako herrixka baten aztarna arkeologikoak dira.

-
Betoño Haitzeko basabidea
Arabako Errioxa eta Gasteiz lotzen zituen bide zaharra da, Gasteizko Mendiak zeharkatuz Betoño Haitzetatik. Ibilbide komertzial garrantzitsua izan zen, abelburuak, ardoa eta bestelako nekazaritza produktuak trukatzeko. Gaur egun bertatik ibiltzeko bide berde gisa dago egokituta, eta tarte batzuetan oraindik harri zolak daude, mendez mende gurdi beteak hartu zituzten harri zolak.


