Larragorri


Informazioa

Oraindik leundu gabeko eraztun zatia

Larragorriko eremu horretan, Armentia eta Batan eta Zapardiel ibaien artean ibiltzea etorkizunera begiratzeko modu bat da, legar hobi batzuen hondarrak inguratuz eta laster urmael bihurtuko den zelai baten inguruan ibiliz. Ikusten ari zaren hori landu gabeko diamantea da, leundu gabeko eraztun zatia.

Nola iritsi

L4, José María Cagigal, 4. zenbakiko geltokia

Luzera: 6 Km
Gutxi gorabeherako iraupena: ordu eta erdi
Bide mota: hiri ibilbidea, nekazaritza bidea eta tokiko errepidea.

Ez galdu!

Ba al dakizu batanak zer izan ziren?

Gasteizko umezurztegi zaharrean erabiltzen ziren oihalak ardien artilez egiten ziren, lehenago ibai ertzean instalatutako batanetan garbitu eta kolpatutakoak. Hortik datorkio izena Batan ibaiari; Zapardiel izena nondik datorren ikertzera animatzen zaitugu.

Orkideak bidean

Egin ezazu geldialdi bat eta igo zaitez Mendizabaleko muinora. Baliteke Tortilla mendia izenarekin ezagutzea. Gasteizko orkidea ohikoenen erakusgarri zabala han hazten da, dama orkidea hau, esaterako. Horrez gain, egingo duzun ibilbidearen zati baten eta lau dorreen ikuspegi polita eskaintzen du.

Zabortegi izatetik lorategi izatera

Larragorri da Eraztun Berdeari falta zitzaion kate-begia. Armentiatik Olarizurantz doan eremua da, eta Lasarteko legar hobietatik igarotzen da; gaur egun hondatuta dagoen eremua da, baina berreskuratu egingo da. Batan eta Zapardiel ibaietako etorrerak kontrolatzeko uholde lamina handia nola sortzen den ikusi ahalko duzu.

Ibilbidea

Armentiako goialdean hasiko gara, Santuaren estatuaren parean, Eraztun Berdearen Biraren 19. kilometroan, gutxi gorabehera.

San Prudentzio hiribidetik jaitsiko gara, eta eskuinerako lehen bidegurutzetik jarraituko dugu. Biraren norabide-zutoinei jarraituko diegu; Maite Zuñiga kaletik jarraituko dugu, eta Zaldiaranera doan A-3102 errepidea zeharkatuko dugu.

Oinezkoentzako eta bizikletarientzako bideak dituen tartean sartuko gara. Ezkerrean, Mendizabaleko muinoa ikusiko dugu, eta horren behealdean aparkaleku zabala dugu.

Zertxobait aurrera joanez gero, ibilbideak eta bidegorriak Batan errekaren gainean dagoen zurezko pasagunea zeharkatuko dute. Pasagunea igaro ondoren, galtzadaren beste aldera joango gara, Biratik aldenduko gara, eta etxeen artean dagoen espaloitik jarraituko dugu.

Zenbait metro ibili ondoren, eskuineko landa-pista batean sartu, eta laborantzalurren artean hegoalderantz joango gara, Gasteizko mendietarantz.

Eskuinean Lasarteko legar-hobiak ikusiko ditugu eta aurrera jarraituko dugu; herrira iritsiko gara; tarte hori bat dator GR 25 ibilbidearekin (Arabako Lautadako bira mendi-magalean).

Lasarten sartuko gara, eta elizara heltzen garenean, eskuinera joango gara.

Batan erreka zeharkatuko dugu, ezkerrean Olabide ikastola utziko dugu, A-3102 errepidea gurutzatu, eta Armentiarantz joango gara.

Herrira igotzen den ibilbidetik jarraituko dugu, eta amaitzen denean, berriz eskuinerantz joango gara, hasierako puntura. Itzuli baino lehen, ezkerrerantz doan bidea har dezakegu Armentiako parkera sartzeko.

Interesguneak

  1. San Prudentzio hiribidea / Senda ibilbidea

    San Prudentzio hiribideak Cervantes ibilbidetik, Frai Francisco ibilbidetik eta Senda ibilbidetik jarraitzen du, eta Armentiatik hiriaren erdigunera doan hiriardatz zuhaizti bat osatzen dute ibilbide horiek, 3 kilometrokoa gutxi gorabehera; Vitoria-Gasteizko XX. mende hasierako luxuzko etxe eta jauregi nagusietatik doa.
    Ibiltari eta bizikletari askok egunero ibilbide hau egiten dute, hiritik irten eta Armentiarantz eta Gasteizko mendietarantz joateko.

  2. Mendizabaleko muinoa

    "Tortilla-mendia" izenarekin ezaguna da hiriaren hegoaldean dugun muino txiki hau. Paisaia-interesa duen ingurunea da, goitik hiriaren panoramika zabalak eskaintzen dituelako, baita udalerriaren hegoaldean dagoen landa- eta naturaeremuen panoramikak ere.
    Naturaren ikuspuntutik, muinoan ia ez dago zuhaitzik, baina belar- eta zuhaixkaformazio ugari ditu: hirigintza-prozesutik bizirik iraun dute, eta balio botánico garrantzitsua dute. Nabarmentzekoa da zenbait orkidea-espezie daudela. Eremua suspertzeko eta hobetzeko zenbait neurri proposatzen ari dira.

  3. Batan edo Abendaño erreka eta Zapardiel erreka

    Gasteizko mendietan jaio, eta hirirantz eta Zadorra ibairantz doazen erreka ugarietako bi dira Batan eta Zapardiel errekak. Batan zein Zapardiel errekak ia-ia paraleloan doaz eta tarte txikia dago beraien artean. Biek balio ekologiko handia dute; izan ere, bide edo korridore natural nagusiak dira hiriaren eta mendien artean zabaltzen den nekazaritza-eremu zabalean; horien bidez, zenbait espezie basotik beste naturaeremu batzuetara joaten dira. Salbatierrabideko bidearen eta Pradoko larrearen arteko tartean ibaiertzetan jarritako pilen ondorioz jarri zioten izena Batan errekari; Hospizioan zapiak egiteko erabiltzen zuten artilea astintzeko eta garbitzeko ziren aipatutako pilak.

  4. GR 25

    Ibilbide Luzeko Ibilbideen Sareko ibilaldietako bat da (Penintsularen zati handi bat zeharkatu eta komunikatzen dituzten ibilbideak dira). GR25ak (Arabazo Lautadako bira mendi magalean) 175 kilometro ditu, eskualdea inguratzen du eta paisaia anitzak ikusteko aukera eskaintzen du: landa-eremuak zein mendi- eta baso-eremuak, esaterako, Gasteizko mendiak, Badaia eta Arrato mendilerroak eta Vitoria-Gasteizko udalerria.

  5. Lasarte

    Andre Mariaren Jasokundearen elizak XIII. mendeko portada du, eta zenbait elementu XVI. mendeko gotikoan egin ziren. Barrualdean arabar erromanikoaren eredu ederrenetako bat ikus daiteke, tamaina eta sinbolismo handiko leiho ikusgarria du.