Informazioa
Ekosistema aparta, hiriaren adierazgarri.
Inolako zalantzarik gabe, Salburuako hezeguneak eraztun berdearen bitxia dira, hiriaren adierazgarri. Betoñuko urmaela ezagutzea proposatzen dizugu. Ekosistema paregabea da, oso ohikoak ez diren landarez eta ur-hegaztiz beteta dago eta koartzak ugaltzeko gune nagusia da Euskadin.
L5, geltokia: Martxoak 8 etorbidea 27.
Luzera: 2,4 Km
Gutxi gorabeherako iraupena: 40 minutu
Bide-mota: bide finkatua
Haur-kotxeentzat egokia den ibilbidea
Ez galdu!
Ibai-ertzeko karizeen, ezpata-belarren eta lirioen artean.
Betoñuko urmaela mendebalderago dagoena da. 1994an lehendabizi leheneratu zena izan zen. 50eko hamarkadan lehortu zen. Orain, paradisua da, eta aintziretako berezko landare aberatsez beteta dago. Lezken, lirioen edo ezpata-belarren alboan hazten diren ibai-ertzeko karizeen adibide onena dago bertan.
Salburuako zelaiak.
Parke honetarako sarrera nagusia bere garaian Gasteizko antzinako aerodromoaren osagai zen zelai batean dago. Gaur egun, elkargune handia da. Bertan jendea ikusi ahal izango duzu kometekin, hegazkin telegidatuekin, kirola egiten, quidditcha (Harry Potter), esaterako, edo piknika egiten.
Vital bideak.
Bideko zenbait lekutan, kolore desberdineko informazio-panelak ikusi ahal izango dituzu, eta sentsazioen mundurantz gidatuko zaituzte. Urdinek hegaztiak behatzen lagunduko dizute; horiek, narrastiei zein anfibioei buruz gehiago jakiten; zuriek, intsektuei buruz; eta berdeek, landaretzari buruz.
Ibilbidea
Betoñuko urmaela inguratzen du ibilbideak. Salburuko parkearen sarreran hasiko da; Salburua bulebarrean dago parkerako sarrera.
Ezkerrerako lehen bidea hartuko dugu, eta Eraztun Berdearen Biraren jarraibideei jarraituko diegu, ibilbidearen erdia baino gehiago bira horretatik baitoa.
Ur gaineko zurezko pasagunea zeharkatu ondoren, Hezeguneen ibilbidera iritsiko gara, eta bideak eskumarantz egingo du. Zenbait metroz paralelo jarraituko dugu kale horrekiko.
Gero berriz eskuinerantz joango gara eta makaldi baten paretik doan bidexka hartuko dugu.
Pixka bat aurrera joanez gero ezkerrera desbideratzeko bidea ikusiko dugu, eta hortik Eraztun Berdearen Birak jarraitzen du; Durantzarreko urmaela gurutzatuko dugu zurezko zenbait pasaguneren bitartez, eta Ataria zentrora (Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroa) eta Alegria ibaiaren ibilbidera joango gara. Desbiderapen hori utziko dugu eta zenbait basoren eta palaxuren artean jarraituko dugu.
Arkautiko urmaelarekin lotzen den ezkerrerako beste desbiderapen bat atzean utziko dugu (gidaren 2. ibilbidea) eta Salburuko zelaietatik hasierako puntura itzuliko gara.
Interesguneak
-
Betoñuko urmaela
Hiriaren ekialdean eta Salburua auzoaren parean, Betoñuko urmaela dugu. Salburuko aintzira-taldea osatzen dutenen artean, mendebalderago dagoena da, eta leheneratu zuten lehendabizikoa, 1994. urtean, XX. mendearen erdialdean lehortu baitzuten. Gaur egun, gutxienez urtean bederatzi hilabete urez beteta dago urmaela, eta horri esker, aintzira-landaretza aberatsa du. Aintziraren bitxitasun botaniko nagusia ondo zaindutako lema-masa zabala dugu: ur-landareak dira, eta Estatu osoko masa adierazgarriena dugu aintzira horretan. Horrekin batera, beste urespezie batzuk ere hazten dira, esaterako, lezkak, lirioak (udaberriak lore horiengatik ezagutuko ditugu) eta ezpata-belarrak, besteak beste.
-
Makaldia
Betoñuko makaldia orain dela zenbait hamarkada landatu zuten San Tomas errekaren ertzean, eta makalek tamaina handia dute. Egun, horien egoera nahiko larria da, eta hiltzen diren heinean, baso landaketak egiten dituzte eremu hori lizardi eta harizti bihurtzeko; izan ere, Arabako Lautadako ibaietako eta eremu hezeetako berezko basoak dira.
-
Durantzarreko urmaela
Betoñuko eta Arkautiko urmaelen artean Durantzarra aintzira dago; gutxi gorabehera 4,5 hektareako zabalera du. Ingeniaritza hidraulikoko proiektu eredugarri bati esker, 2003ko neguan bete zuten, eta Salburuko hezegunea suspertzen lagundu zuen.
-
Salburuko zelaiak
Zenbait urtez aerodromo zaharraren pistak egon diren lekuan kokatzen dira Salburuko zelaiak. Ondoren eremu horiek ardi-multzoen larreak izan ziren, eta egun hainbat gasteiztarrek lautada horretan egiten dute topo, leku ezin hobea baita aisialdirako eta kirola egiteko edo kometak hegan jartzeko. Izan ere, Salburuko zelaietan askotan kometen inguruko zenbait ikuskizun, jai eta jaialdi egiten dira: hemengo ekitaldiak izaten dira, baina baita nazio eta nazioarte mailakoak ere. Zenbait kirol taldek antolatzen dituzte ekitaldi horiek.



