Informazioa

Igarobide ekologikoan paseatzen

Baso izugarria oinez, bizikletaz zein zaldiz zeharkatzeko bideak aurkituko dituzu Armentian. Gasteizko Mendietara iristeko atea da. Ibilbide magikoan zehar orkatzak, basurdeak, hegazti harrapariak, txontak edota kaskabeltzak izango dituzu bidelagun.

Nola iritsi

L4, Armentia/Basilika geltokia

Luzera: 4,5 Km
Gutxi gorabeherako iraupena: Ordubete
Bide mota: bide zorua

Ez galdu!

Baso aldakorra

Familia askok zuhaitz bat adoptatu duten tokia da Armentia, eta askotariko enborrak, hostoak edo adar arteak ezagutzeko gonbidapena egingo dizu.

Bertan «baso bainua» hartu eta bost zentzumenekin igeri egin ahalko duzu erkametz, astigar, elorri zuri, elorri beltz eta lahar artean, baita larre eremuetako zirrikituetatik sartzen diren izpiekin gozatu ere.

Orkatzak, azkonarrak eta bestelako basa bizitza

Armentiako Basoa Gasteizko Mendietara iristeko sarrera nagusia da, eta hiri periferiako parkeen sare osoa mendilerro bikain honekin lotzen du.

Igarobide ekologikoa ere bada, eta orkatzak, basurdeak eta azkonarrak ibiltzen dira bertan. Zorte on, aurkitzen badituzu arretaz erreparatu.

Eskibel mendira igotzea

Animatu eta irits zaitez dorrera. Ibilbideak Eskibel mendiaren (814 metro) tontorrera iristeko aukera ematen du, eta bertan Gometxa gaztelu gisa ezagutzen den eraikinaren harresiaren zati bat dago oraindik; gaztelua XIX. mendeko seinale talaia zaharra izan zen, eta handik arerioen tropen posizioa zaintzen zen.

Ibilbidea

Bidexka-sare zabal batek Armentiako basoa (1) zeharkatzen du, eta oinezkoentzako, bizikletetarako eta zaldietarako bideak bereizten ditu sare horrek. Seinaleztatutako ibilbide nagusiak ondokoak dira: Eraztun Berdearen Bira- Zabalganetik Olarizura doa Armentiako parketik-, Eskibel Dorrerako Igoera eta Gasteizko Mendien Ibilbidea. Ondoko ibilbidea egitea proposatzen dizugu:

Armentiako parkearen sarreran hasiko gara ; hirigunea hegoalderantz joanez zeharkatu beharko dugu sarrera horretara iristeko. Aparkaleku txiki bat, Armentia izena duen harrizko horma bat eta informazio-panel bat ikusiko ditugu.

Sarreratik sartuko gara, eta ezkerreko bidetik joango gara zenbait mahai eta iturri bat duen zelai zabal bat inguratuz. Plaza txiki batera iritsiko gara, eta hortik hasiko dira hiru ibilbide nagusiak. Eskuinetik joango gara, eta Eskibel dorrera eramango gaitu (2) .

Ibilbideko informazio-mugarriei jarraituko diegu Eraztun Berdearen Birarekin bat egiten duen bidera iritsi arte. Tarte bat bide horretatik egingo dugu. Parkerako beste sarrera batean egongo gara, eta belardi zabal batera iritsiko gara, non egoteko eremu bat dagoen, Eskibelera doan A-4101 errepidearen parean.

Zenbait metro errepidearekin paraleloan egingo ditugu, Eskibel dorrera igotzeko ibilbidea eskuinerantz biratuz bereizten den arte; errepidea zeharkatuko dugu eta, aurrerago, baita Errekera erreka ere.

Eraztun Berdearen Biran jarraituko dugu beste bidegurutze batera iritsi arte. Birak ezkerrerantz jarraituko du, baina gure bidea aurrera doa; errepidearekin paraleloan dagoen zaldien pista batetik igo beharko dugu.

Hurrengo bidegurutzean iparralderantz biratuko dugu (180º) itzultzeko bideari ekiteko. Gasteizko Mendien Ibilbidetik (3) jaitsiko gara herrirantz, basoaren barrualdetik. Behera egiten dugula, ezkerrerako eta eskuinerako zenbait bidexka ikusiko ditugu; horietako bat, Eraztunaren Birakoa da. Ibilbideko mugarriei jarraituz, hasierako puntura iritsiko gara.

Amaitzeko, Armentiako basilika ikustera joan gaitezke (4).

INTERESGUNEAK

  1. Armentiako basoa

    Armentiako basoan giro anitz daude. Zenbait eremu adartsu eta itxietan, erkametzekin batera, astigarrak, elorri zuriak, elorri beltzak eta laharrak ikus ditzakegu, eta zuhaitzak sakabanatuta dauden eremu zabal eta argiagoetan txilarrak, zarrantzak eta ipar orreak agertuko zaizkigu. Eremu garaienetan pagoak, gorostiak eta gurbeak aurki ditzakegu, eta erreketako ertzetan astigar, hurrondo eta lizarr ugari daude. Giro ezberdinetan fauna aberats eta askotarikoa babesten da, ondoko animaliak, besteak beste: orkatzak, basurdeak, urtxintxa, hegazti harrapariak eta hogeita hamar txori txiki (kardantxiloak, txontak, txantxangorriak, ikazkinak etab.). Ingurumen-balio handia du basoak hiriko eta hiri inguruko eremu berdeen eta Gasteizko mendien arteko korridore ekologikoa baita.

  2. Eskibel dorrea

    Eskibel mendiaren gailurrean (814 m), Gasteizko mendietan gaudela, XIX. mendeko dorre zaharrak zituen arrecien zati batzuk topa ditzakegu; "Gometxako gaztelua" izenarekin ezagutzen da, Gometxa herritik hurbil dagoelako. Guda garaian, tropen kokapena zein zen jakiteko eta beste zaintza-guneen artean komunikatzeko erabili zuten; horiek guztiak defentsa militarreko sare bat osatzen zuten, eta horri esker, kanpokoek ezin izan zuten Arabazo lautada eraso.

  3. Gasteizko mendiak

    Silueta gozoa duen mendilerroa da; gehien jota 1.030 metro ditu. Ekialdetik mendebaldera doa eta lurraldea hegoaldetik mugatzen du. Iparraldeko mendi-mazela udalerriarena da, eta zenbait baso ditu: beheko larretan erkameztiak, eremu amildegitsuetan eta gailurretan hariztiak eta pagadiak, eta leku harritsuagoetan eta eguzkitsuagoetan artadiak. Baso-aniztasun hori dela-eta, fauna askotarikoa eta aberatsa da; zenbait espezie arrunt eta beste animalia zorrotzago eta esklusiboago batzuk bici dira baso horietan, esaterako, aztorea, muxar grisa eta basakatua. Eremua udalerriko biodibertsitatea mantentzeko oso baliagarria denez, mendietako mendebaldeko sektorea Interes Ekologiko Komunitarioko lekutzat jo dute Natura 2000 Sarearen barruan.

  4. Armentia, San Prudentzioko basilika

    San Prudentzioko basilika XII. Mendeko eraikin erromanikoa da, eta VIII. Mendeko elizaren hondakinen gainean eraiki zen. Zenbait aldiz berritu dute, eta Erdi Aroko artearen adibide garrantzitsuenetako bat da; horrez gain, Euskadiko monumento izendatu dute. Barrualdean arabarren zaindari San Prudentzioren irudia dago; apirilaren 28an beraren eguna ospatzen da, eta herri-ohitura handiko erromeria egiten da.